XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bai. Perfektua. Gerritik gorakoa brodatua, tirante finez eutsia.

Eta behekoa, izterretan behera irrist egiten zuen tela leunez egina.

Belo luze fin batez bukatzen zen ezkontza-soinekoa. Bere ilusioa.

Gorkaren eskuetatik bigarren kaxa bat jaso zuen.

Eta barrutik, eskularru luze zuriak atera zituen.

Ukondoetaraino iristen zitzaizkionak.

Eta guztia jantzita, ispiluak eskaini zion irudia bene-benetako nobia batena izan zen.

Senargaiarengana joan zen.

Lepotik heldu eta musu luze eta heze bat eman zion.

Gorkak Sararen bizkar biluzia, soinekoaren atzeko eskoteak erakusten zuena, ispiluan ikusi zuen islatua.

Eta haren kontra, ispiluaren kontra bultzatu zuen Sara.

Soinekoaren gona luze eta leuna, izterretan behera irrist egiten ziona, altxatu eta, bere prakak jaitsiz, neskalagunari larrua jo zion.

Soinekoa kendu gabe, soilik gona altxatuz, bizkar biluzia ispiluan islatua ikusiz eta Sararen begietatik isurtzen ziren malkoetatik airea edanaz.

Bigarren aldiz, soinekoa goitik behera kendu eta ukondoraino iristen zitzaizkion eskularru zuri luzeak bakarrik utzita egin zuten maitasuna.

Ondoren, Gorkak hasperen luzea bota eta, sabaira begiratuz, Sarak ongi entzuteko bezala hitz egin zuen, ozenki:

- Berriz ez esan ezkondu nahi duzunik.

Ezkontza gaua oparitu dizut.

Eta, beti bezala, atseden hartzeko Gorkak zigarroa piztu zuen, keak eta sexuak bat egiten zutela.